Goierri Gorri sendo agertu da etxean Pauldarrak taldeari 3-0 garaituta
Kazetaria: Izaro Insausti Barandiaran 13/02/2017
EUSKAL LIGA | JUBENILAK | KADETEAK | INFANTILAK | ALEBINAK | |
---|---|---|---|---|---|
Goierri Gorri 3-0 Pauldarrak “B” | Goierri Gorri 3-2 Mondragon | Ohorezko mailan: Oiartzun 1-0 Goierri Gorri Lehenengo maila: Goierri Gorri 2-0 Danena |
Txap. fasea: Ilintxa 7-5 Goierri Gorri “B” Kopa: Goierri Gorri “A” 3-4 Zestoa Hamaikak Bat “B” 4-3 Goierri Gorri “C” |
Atsedena |
Asteburu batez geldirik egon ondoren, azken jardunaldian gertaturikoa ahazteko asmoz zelairatu zen Goierri Gorri. Parean Pauldarrak “B” taldea zuten, sailkapenean behe-aldean kokaturiko taldea. Baina gorriak ere azken jardunaldietan puntu zaku handiegirik lortuta ez zirenez, sailkapenaren azpiko aldea ez zen urruti. Igartzan ordea sendo agertu ziren goierritarrak, egoeraren jakitun, eta hiru puntuak eskuratu zituzten 3-0eko markagailua lortuz.
Ondo kokatu zen Goierri Gorri lehen minututik, baita bizkaitarrak ere. Baloia mugitzea gustatzen zaie kanpokoei, baina ez ziren itsutu goierritarrak horrekin. Denbora aurrera joan ahala, aukerak areagotzen joan ziren etxekoak eta lehen zati erdialdean 1-0ekoa egin zuen Ane Lopezek. Taldeak berdin jarraitu zuen aukera gehiago sortuz baita zutoinera baloia bidaliz ere, baina azken 10 minutuetan arriskua sortu zuen Barakaldoko taldeak. Ez zuten lortu berdintzerik eta atsedenera gol bateko abantailaz joan ziren gorriak.
Itzultzean gola bilatzen jarraitzen zuten kanpokoek eta saiakera bete betean zeudela, Ane Lopezek egin zuen goierritarrentzat bigarrena; 2-0. Partida erritmoz igo zen orduan, joan etorri askoko minutuak izanik. Baina etxekoek jakin zuten hau jaisten, eta komeni zitzaien jokoa ezartzen. Aukera gehiago izan zituen Goierri Gorrik eta 3-0ekoa berriro Ane Lopezek egin zuen, kontuko hirugarrena eginez partida berean. Sendo eta aurkariaren aukerak leunduz, puntu ditu bilduta taldeak, taularen erdian mantenduz. Datorren astean aukera polita aurrera pausu bat egiteko, Tolosaren aurkako derbian.
Jubenilek txapelketa berri bati ekin diote asteburuan, lurralde mailako kopa alegia. Igandean Mondragon zuten aurkari Arizti Handin, eta partida on batekin gailendu ziren goierritarrak 3-2. Partida hasi eta hamar minutu pasata zirela, gola egin zuten kanpokoek haizea alde zutela aprobetxatuz. Berdintzea lortu zuen Liernik, baina atsedenera joan aurretik 1-2koa egin zuen Mondragonek. Bueltan, taldea indartsu eta haizea alde, Ainitzeren jaurtiketa bat defentsak ukitu eta barrura joan zen; 2-2. Lehenengo golaren antzekoa egin zuten etxekoek, oraingoan Alaznek baloia sareetara bidaliz, 3-2. Aukera gehiago aldeko izan arren gorriek, ez zen markagailua gehiago mugitu.
Ohorezko mailako kadeteak, gutxiengo aldeagatik galdu du Oiartzunen. 1-0eko markagailuarekin itzuli baitziren Goierri aldera. Lehen mailan berriz, 3 puntuekin gelditu ziren Ariztin 2-0 Danenari irabazita. Partida txukuna egin zuten Goierri Gorriko jokalariek, haizeak erabat baldintzatutako partidan. Lehen zatiko 20garen minutuan ia zelai erditik gogor astindu eta Ainhoak egin zuen 1-0ekoa. Partida geldialdi askokoa izan zen kontrolpean izanik markagailua gorriek. Amaiera aldera 2-0eko egitea lortu zuen Alaitzek, jokaldi polit bati amaiera ezin hobea emanez.
Amaitzeko, infantilek ez dute punturik eskuratu jardunaldi honetan. Txapeldunen fasean, Ilintxaren aurka 7-5 galdu du Goierri Gorri “B”-k. Kopan berriz, Goierri Gorri “A”-k 3-4 galdu du etxean Zestoaren aurka; eta Goierri Gorri “C”-k Deban 4-3 galdu du.